Friedrich von Schlegel
Friedrich von Schlegel (Hannover, Alemania, 1772ko martxoaren 10a – Dresden, Alemania, 1829ko urtarrilaren 12a) alemanezko idazlea izan zen, August von Schlegelen anaia.

Filosofia-ikasketak Göttingeneko eta Leipzigeko Unibertsitateetan egin ondoren, Jenara joan zen eta Athenäum aldizkaria sortu zuen anaiarekin batera. Aldizkari horretan argitaratutako artikuluak, Lucinda (1799) eleberria eta Europa aldizkarian plazaraturikoak izan ziren idazleak pentsaera alemaniar erromantikoari egin zizkion ekarpen garrantzitsuenak. 1802an Parisen jarri zen bizitzen, eta kultura greziarra aztertzen hasi zen, mendebaldeko pentsamolde guztien iturritzat hartzen baitzuen Greziakoa. Obra nagusiak: Über die Sprache und Weisheit der Indier (1808, Indiarren jakituriari eta hizkuntzari buruz) eta Geschichte der alten und neueren Literatur (1815, Literatura zaharraren eta modernoaren historia).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.