Edukira joan

Andeak

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Koordenatuak: 21°49′34″S 66°41′53″W / 21.826°S 66.698°W / -21.826; -66.698
Wikipedia, Entziklopedia askea
Ande» orritik birbideratua)

Andeak
Datu orokorrak
Mendirik altuenaAconcagua
Garaiera6.962 m
Motamendikatea
Luzera7.000 km
Zabalera500 km
Azalera3.300.000 km²
Geografia
Map
Koordenatuak21°49′34″S 66°41′53″W / 21.826°S 66.698°W / -21.826; -66.698
MendikateaAmerikar mendikatea
Leku geografikoaHego Amerika
Mendizaletasuna
Geologia
GaraiaMesozoiko

Andeak[1] (kitxuaz: «urqukuna» Mendiak; edo «Anti suyu urqukuna», Andesuyoko mendiak) Hego Amerikako mendebaldean dagoen mendikate bat da; Ozeano Barean bere kostalde guztia inguratuz, Venezuelatik Patagoniaraino hedatzen da Hego Amerika osoa zeharkatuz. 8500 kilometroko luzera du, beraz, Lurreko mendikate kontinentalik luzeena da[2].​ Hegoaldeko muturrean jaiotzen da, Suaren Lurraldean, hegoaldetik iparraldera Argentina, Txile, Peru, Bolivia, Ekuador, Kolonbia eta Venezuela zeharkatuz. Azken bi herrialde horietan, mendikatea zabaldu, eta ia Kariberaino iristen da. Hegoaldean, Txile eta Argentina arteko muga naturala zehazten du. Erdialdean, berriro zabaldu, eta Altiplano izenez ezagutzen den goi-lautada sortzen du Peru, Bolivia eta Txile artean. Mendikatea berriro estutzen da Perun, eta, berriz ere, zabaldu Kolonbian. 250-750 km-ko zabalera aldakorra du [3], eta gutxi gorabehera 2.870.000 km²-ko azalera hartzen du.​ Batez besteko altuera, itsas mailatik gorako 3000 eta 4000 m artekoa da; munduko sumendi altuenak daude bertan[4], eta, punturik altuena, Aconcagua da, itsas mailatik gora 6962 m dituena, Asiatik kanpoko planetako mendirik altuena[5]. Bere jarduera bolkaniko garrantzitsuagatik, Ozeano Bareko su-gerrikoaren parte da.

Aro mesozoikoaren amaieran sortu zen, Kretazeo berantiarraren amaieran, Nazcako plakaren konbergentziaren mugimenduagatik Hego Amerikako plakaren azpian. Erliebearen egituraketan, garrantzi handiagoa izan dute mugimendu sismikoek eta geroagoko jarduera bolkanikoek kanpoko higadura-eragileek baino. Gaur egungo morfologian, mendikate handiak, goi-ordoki zabalak eta mendi-ardatz handiekiko paraleloak diren luzetarako haran sakonak daude. Zeharkako haranak urriak dira, Argentinako eta Txileko Andeetan izan ezik.

Munduko mineral metalikoen metaketa nagusietako asko plaka konbergenteen ertzekin lotuta daude, hala nola Andeak edo Mendi Harritsuak[erreferentzia behar].

Sorrera, morfologia eta hedapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andeak Mesozoiko-Paleogeno garaian sortutako gerriko orogenikoa dira. Andeak plaken tektonikak sortutako prozesuen emaitza dira, Hego Amerikako kontinente-litosferaren azpitik Nazca plaka ozeanikoaren subdukzioak eragindakoa[6]. Hego Ameriketako mendebaldeko kostaldean zehar luzatzen dira 9.000 km-tan zehar, Venezuelatik Patagoniaraino, eta mendikatearen batez besteko zabalera 500 km ingurukoa da.

Gaur egungo Andeen eraketa Triasiko eta Jurasiko garaietan emandako gertaerekin hasi zen; Pangea apurtzen hasi zen, eta hainbat haustura garatu ziren.

Morfologiari dagokionez, eremu goratuz eta goi lautadez gain, mendikatea beste zenbait ingurune geologikotan bana daiteke: Peru-Txileko fosa ozeanikoa eta subdukzio eremu aktiboa, hau da, mendikatearen morfologia garatzen duena, subdukzioaren eraginez garatutako arku bolkaniko aktiboa eta mendikatearen ekialdean toles eta zamalkadurak nagusi direneko xingola edo banda deformatua.

Zehar ebaki litosferikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garaiera handiena, Aconcaguaren 7.000 m-ak dira, baina, goi-ordoki guztian zehar ere, 5.000 m-ak erraz gainditzen dira. Mendikatearen ezaugarri nagusietariko bat goi-ordokiaren azpitik kontinente lurrazalak duen lodiera nabarmena da, 70 km ingurukoa. Deformazioa, batez ere, fosaren inguruan eta arro azpiandetarraren gaineko zamalkadura-frontean pilatzen da. Ekialdeko zamalkadura lurraldeak 100 km inguruko zabalera du, eta bertako datu geofisikoek erakusten dute material horietako basamentua Brasilgo kratoiari dagokiola.

Lurrazalaren loditze prozesuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andeetako egitura argitzen hasi zenetik, arazo deigarrienetariko bat izan da nola azaldu kontinente-lurrazalaren lodiera nabarmena. Lodiera nabarmenenak Andeetako erdiko aldean neurtzen dira; iparraldeko eremuetan, ostera, lodierak askoz motelagoak dira.

Erdialdeko andeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jurasikoaz geroztik, ez du lurralde exotikoen akreziorik pairatu. Era berean, ingurune horretako zenbait esparrutan, 15 sumendi zenbatu dira kilometro koadroko, munduko bolkan-dentsitate handienetarikoa. Bestalde, lurralde horretako jarduera sismikoa garrantzitsua izateaz gain, oso sakona da; 80 eta 200 km artean gertatutako lurrikarak arruntak dira. Goi-ordoki izenaz ezagutzen den eremu geografikoaren azpitik neurtu dira mendikate guztiko lurrazalaren lodiera handienak (70-75 km).

Andeetako arku bolkanikoen mapa, bolkanismo aktiboko lau eremuak eta subdukzio jasaten duten plakak.

Hasieran, lodiera izugarri horiek azaltzeko, arku magmatikoaren jarduera bortitzari lotutako sakoneko magma-bolumen kopuru handien pilaketa iradoki zen. Ikerketa berriagoek, aldiz, magma-pilaketak lurrazalaren loditze-kopuruaren portzentaje txiki bat baino ezin duela azaldu erakutsi dute

Iparraldeko Andeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendikatearen iparraldeko eremuaren ezaugarriak guztiz ezberdinak dira: gaur egungo arku-aurrea eta arku magmatikoa Mesozoikoan eta Paleogenoan zehar gehitutako lurralde ozeaniko exotikoz eratuta daude; mendikatearen lodiera eta bataz besteko garaiera txikiagoak dira.

Andeetako bolkanismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurrikaren hedapenak iradokitzen du Nazca plaka okerdura ezberdineko zenbait segmentutan zatituta dagoela. Zatiketa horrek mendikatearen geometria zein jarduera bolkanikoa baldintzatzen ditu.

Hondoratutako plakaren zati bat, mantuaren tenperatura altuengatik, galdatu eta magma-poltsak eratzen dira. Azpiratutako plakak egiten duen presio handiaren ondorioz, era berean, plaka kontinentala loditu egiten da, eta, magma horiek igotzerakoan, plaka kontinentalaren ertzean orogeno edo bulkanismoa aktiboa duten mendikateak sortzen dira.

Andeetako gerriko bolkanikoak aktibo diren 200 sumenditik gora eta, gutxienez, 12 galdara erraldoi sistema hartzen ditu barne. Sumendiak banatuta dauden lau segmentutan daude kokatuta Andeetan; lau segmentu horiek iparraldeko eremu bolkanikoa, erdiko eremu bolkanikoa, hegoaldeko eremu bolkanikoa eta eremu bolkaniko australa izenez ezagutzen dira. Bolkanismo aktiboko lau segmentuak subdukzio-angelua 25° baino handiagoa den lekuetan kokatzen dira.

  • Iparraldeko eremu bolkanikoa: Ekuador eta Kolonbiako bolkanak barne hartzen ditu. Kontinente lurrazalaren lodiera, 40-55 kilometrotakoa da.
  • Erdiko eremu bolkanikoa: Eremu horrek Peru eta Boliviako sumendiak hartzen ditu barne, baita Txile eta Argentinako sumendi batzuk ere. Eremu horren ezaugarri bereizgarria da ezberditze magmatikoa duten produktu bolkanikoen ugaritasuna da, hala nola erriolitak eta dazitak. Bertan aurkitzen da munduko ignimbrita eskualde handienetako bat.
  • Hegoaldeko eremu bolkanikoa: Txileko hego-erdialdeko bolkanak hartzen ditu barne. Eremu horretan, lurrazalaren lodieraren gradientea dago, horrek sumendi eta mendien txikiagotzea erakusten du hegoaldera. Llaima sumenditik hegoaldera, aktiboenak diren sumendiak Liquiñe-Ofqui failaren inguruan lerrokatzen dira, magmaren igoerarako bide bat baita.

Gainera, sumendi gehienak glaziar handiz estalita egon ohi dira; erupzio bolkanikoek glaziarrak urtu egiten dituzte ur eta lohi fluxuak sortuz, eta sumendien magalean dauden herriak suntsituta amaitzen dute.

Sumendirik aipagarrienak:

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Glaziarrak eta masa-balantzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andeetako glaziarrak planetan azkarren murrizten direnen artean daude, eta, poloetako izotz-geruzetatik kanpo, itsasoaren maila igotzearen eragile handienetako bat dira. Gainera, ur-baliabide erabakigarria dira eremu tropikal eta erdilehorretako milioika pertsonarentzat, batez ere lehorteetan[7].

Eskualde-aldaketak eta izotz-urtzearen azelerazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izotz-galera ez da uniformea mendikate osoan. Tasa handienak funtsezko gune hauetan erregistratu ziren:

  • Patagonia: Antartikatik kanpo, Hego hemisferioko izotz-eremu handienak dituen eskualdea da, galerarik handiena Hego Patagonian eman zen, batez beste, urteko -0.86 m argaldu zelarik.
  • Tropikoko Andeak: Barne hartzen ditu Kolonbia, Ekuador, Peru eta Boliviako glaziarrak. urteko -0.42 m-ko galera esanguratsua erakutsi zuten.
  • Basamortuko Andeak eta erdialdeko Andeak: Aitzitik, zona horiek galera txikiagoa izan zuten, bereziki Basamortuko Andeak, urteko -0.12 m-ko galerarekin.

2009tik aurrera desizoztea azkartzea izan zen aurkikuntza esanguratsuenetako bat. 2000 eta 2009 artean, Basamortuko eta Erdialdeko Andeetako glaziarrak nahiko egonkor mantendu ziren, baina, 2009tik aurrera, masa-galera oso negatiboa izatera igaro ziren. Aldaketa horrek bat egiten du 2010etik Txile erdialdean eta Argentinan eragin duen mega-lehortearekin, eta horrek iradokitzen du glaziarrak urtzeak indargetzaile gisa jokatu duela, eta lehortearen inpaktu hidrologikoak arindu dituela, neurri batean, ibaietara ura ekarriz[7].

Taula hau, Dussaillant et al.-en azterketatik moldatua. (2019), 2000-2018 aldian Andeetako azpi-eskualdeetan izandako masa-balantzea zehazten du[7].

Eskualdeko masa-balantzeak Andeetako azpi-eskualde desberdinetarako (2000-2018)
Eskualdea Glaziar-eremu totala (km²) Neurtutako glaziar-eremua (%) Masa-balantzea
(m-b urteko⁻¹)
Masa-balantzea
(Gt urteko⁻¹)
Barne-tropikoak 174 80 -0.37 ± 0.25 -0.1 ± 0.0
Kanpoko tropikoak 1967 94 -0.42 ± 0.23 -0.9 ± 0.5
Basamortuko Andeak 387 97 -0.12 ± 0.17 -0.1 ± 0.1
Erdialdeko Andeak 1795 97 -0.31 ± 0.19 -0.6 ± 0.3
Ipar Patagonia 1753 96 -0.57 ± 0.22 -1.0 ± 0.4
Hego Patagonia 21 362 70 -0.86 ± 0.27 -18.3 ± 5.7
Suaren Lurralko Andeak 4053 62 -0.48 ± 0.27 -1.9 ± 1.1
Andeak guztira 31 631 74 -0.72 ± 0.22 -22.9 ± 5.9
m-b. urteko⁻¹ = Ur baliokidearen metroak, urteko. Gt urteko⁻¹ = Gigatona urteko

Andeetako mendikatearen sailkapena denboraren poderioz aldatu da. Lehen, banaketa politiko-administratiboa zen nagusia (horrela, bazeuden venezuelar Andeak, kolonbiarrak, ekuatoriarrak eta abar); baina, 1973an, Augusto Gansser geologoak ezaugarri morfologikoen araberako sailkapena proposatu zuen:

Geologiak ere antzeko sailkapena proposatzen du.

Eskualdeen deskribapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldeko Andeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolonbiako hegoaldean eta Ekuadorreko mugan, Andeak sumendizko mendikate bakarra dira, baina, iparralderantz, mendikatea bitan zatitzen da: mendebaldeko mendilerroa eta erdialdeko mendilerroa (horretatik, ekialdeko mendilerroa deritzona sortu da).

Mendebaldeko mendilerroa eta erdialdeko mendilerroaren arteko tartea 400 kilometrokoa da. Hiru mendilerroek 4.000 metrotik gorako muturrak dituzte. Eskualdeko hiri nagusiak Bogota, Cali eta Medellin (Kolonbian), Quito (Ekuadorren) eta San Cristóbal eta Mérida (Venezuelan) dira.

Erdialdeko Andeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pascoko korapilotik, Tres Cruceseko mendigunera hedatzen dira. Bi lerrok osatzen dute, eta, tartean, goilautada bat dago. Ingurune hartako gailurrik altuenak Huascaran (6.768 m) eta Ojos del Salado (6.891 m) dira. Han sortzen dira Titicaca eta Poopo aintzirak. Barnealdeko lautadak pampeano boliviarrak dira. Klima lehorra eta beroa da, eta bioma nagusia, basamortukoa.

Hegoaldeko Andeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegoaldeko Andeak Hego Amerikako muturrerantz doaz. Eskualdeak ia bioma guztiak ditu. Hala ere, honela azpibana daiteke:

Handik aurrera, Andeak itsasora iristen dira.

Andeetako mendikateak Suaren Lurraldea eta gero segitzen du uren azpian; haren gailurrak Hegoaldeko Georgiak, Hego Sandwich, Orkadak eta Hego Shetland uharteak sortu, eta, berriro, Antartikako penintsulan igotzen dira.

Hiriak eta kokaguneak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andeetako mendikateak eragin kulturalen ipar-hego ardatza osatzen du. Garapen kulturaleko serie luze bat amaitu zen XV. mendean, inken zibilizazioa eta Inken Inperioa erdialdeko Andeetan hedatzearekin. Inkek militarismo inperialistaren eta gobernu-kudeaketa arretatsu eta zorrotzaren bidez osatu zuten zibilizazio hori[8].​ Gobernuak akueduktuen eta errepideen eraikuntza babestu zuen, aurretik zeuden instalazioez gain. Eraikuntza horietako batzuk, gaur egun ere, zutik diraute. Europako gaixotasunen aurkako immunitaterik gabe eta gerra zibilek, 1532an, inkak menderatuak izan ziren haiek zapaldutako nazioen hamarnaka milaka aliatuz (adibidez, Huankak, Txatxapoiak, Kañariak) eta Francisco Pizarrok zuzendutako 180 espainiarren armada txiki batek osatutako aliantza batez[9].​ Espainiarrek beren konkistan inoiz aurkitu ez zuten inken leku bakanetako bat Machu Picchu izan zen, Andeen ekialdeko ertzean –Amazonasera jaisten diren lekuan– zegoen gailur batean ezkutatuta. Andeetako herrietatik bizirik atera diren hizkuntza nagusiak kitxua eta aimara hizkuntza familietakoak dira. Woodbine Parish eta Joseph Barclay Pentlandek Boliviako Andeen zati handi bat aztertu zuten 1826 eta 1827 artean.

Gaur egun, Andeetako hiririk handienak dira: Bogota, hamaika milioi inguruko populazioarekin, Santiago, Medellin, Quito eta Cali, hurrenez hurren.

La Paz, Boliviako gobernuaren egoitza, munduko metropolirik altuena da, itsas mailatik 3650 m-tik gora inguruko altitudean. La Paz konurbazioaren zati batzuk, El Alto hiria barne, 4200 m-raino igotzen dira (13.780 ohin).

Andeetan edo Andeetatik gertu dauden beste hiri batzuk hauek dira: Jujuy, Salta, Tucumán, Catamarca, La Rioja, San Juan, Mendoza, Neuquén eta Bariloche Argentinan; Cochabamba, Oruro, Potosí, Sucre, Tarija Bolivian; Calama, San Pedro de Atacama eta Rancagua Txilen; Armenia, Cúcuta, Bucaramanga, Ibagué, Manizales, Neiva, Popayán, Tunja, Soacha, Pereira eta Pasto Kolonbian; Ambato, Cuenca, Ibarra, Loja, Riobamba eta Tulcán Ekuadorren; Arequipa, Cajamarca, Cusco, Huancayo, Huánuco, Huaraz, Cerro de Pasco, Juliaca eta Puno Perun; eta Mérida, San Cristóbal eta Trujillo Venezuelan. Caracas, Valencia eta Maracay hiriak Venezuelako kostaldeko mendikatean daude, zeina Hego Amerikako iparraldeko muturrean Andeen hedapen aurreanbularra den, baina ez Andeak zehazki.

Andeetako mendikateak zenbait paralelo zeharkatzen dituenez, hainbat eskualde klimatikotatik pasatzen da. Bai itxura eta bai landaretza ezberdina da oso. Gailurretan, hala ere, elurra ohikoa da, baina, Tropikotik hurbil, klima epelagoa da.

Mendirik altuenak Txile eta Argentinako iparraldean daude, baita Peruko Cordillera Blancan, Boliviako Cordillera Realen eta Ekuadorreko Andeetan ere.

Gailurrik altuena Aconcagua (6.959 metro) da, Amerikako punturik altuena, Txile eta Argentinaren arteko mugatik gertu.

Andeetako mendilerroaren gailurrak
Altuera Izena Mendilerroa Kokapena Herrialdea
6.962 Aconcagua Las Heras - Mendoza Argentina
6.891 Ojos del Salado Catamarca Argentina --- Txile
6.792 Pissis mendia La Rioja - Catamarca Argentina
6.770 Cerro Mercedario Ramadako mendilerroa Barreal - San Juan Argentina
6.768 Huascaran Mendilerro zuria Huaraz - Ancash Peru
6.759 Bonete Chico Vinchina Argentina
6.758 Tres Cruces Tinogasta Argentina ---
6.739 Llullaillaco Los Andes - Salta Argentina ---
6.658 Walther Penck Tinogasta - Catamarca Argentina
6.638 Incahuasi Tinogasta - Catamarca Argentina ---
6.634 Yerupaja Mendilerro zuria Huaraz - Ancash Peru
6.615 Coropuna Arequipa Peru
6.550 Tupungato Tupungato - Mendoza Argentina ---
6.542 Nevado Sajama Mendebaldeko mendilerroa Oruro Bolivia
6.500 Ramada Norte Ramadako mendilerroa Barreal - San Juan Argentina
6.488 El Muerto Catamarca Argentina
6.471 Del Veladero La Rioja Argentina
6.462 Illimani Erdialdeko mendilerroa La Paz Bolivia
6.421 Illampu Erdialdeko mendilerroa La Paz Bolivia
6.400 Alma Negra Ramadako mendilerroa Barreal - San Juan Argentina
6.395 Huandoy Mendilerro zuria Huaraz - Ancash Peru
6.380 Ancohuma Erdialdeko mendilerroa La Paz Bolivia
6.380 Ausangate Peru
6.380 Nevado de Cachi Cachi - Salta Argentina
6.362 Volcán Parinacota Mendebaldeko mendilerroa Oruro Bolivia ---
6.320 Solimana Arequipa Peru
6.310 Ampato Arequipa Peru
6.310 Chimborazo Mendebaldeko mendilerroa Ekuador
6.300 El Condor Catamarca Argentina
6.271 Salcantay Peru
6.240 Pomerape Mendebaldeko mendilerroa Oruro Bolivia ---
6.200 Nevado de Chañi Salta-Jujuy Argentina
6.172 Nevado de Palermo Salta Argentina
6.152 Cumbre del Laudo Catamarca Argentina
6.130 Nevado Queva Salta Argentina
6.127 Chiaraco Erdialdeko mendilerroa La Paz Bolivia
6.100 Pico Polacos Ramadako mendilerroa Barreal - San Juan Argentina
6.088 Huayna Potosi Erdialdeko mendilerroa La Paz Bolivia
6.086 Aracar Salta Argentina
6.075 Chachani Arequipa Peru
6.074 Chachacomani Erdialdeko mendilerroa La Paz Bolivia
6.052 Acotango Potosi Bolivia ---
6.052 Copiapo Erdialdeko mendilerroa
6.051 Socompa Los Andes - Salta Argentina ---
6.046 Acamarachi
6.040 Chaupi Orco Erdialdeko mendilerroa La Paz Bolivia
6.030 Cienaga Grande Salta Argentina
6.025 Hualca Hualca Arequipa Peru
6.022 Salin Salta Argentina ---
6.016 San Fransisco Catamarca Argentina ---
6.008 Uturuncu Potosi Bolivia
5.976 Sabancaya Arequipa Peru
5.920 Volcán Licancabur Potosi Bolivia ---
5.897 Cotopaxi Ekuador
5.869 Mururata Erdialdeko mendilerroa La Paz Bolivia
5.856 San Jose sumendia Argentina ---
5.821 Misti Arequipa Peru
5.790 Cayambe Ekuador
5.775 Sierra Nevada de Santa Marta Kolonbia
5.767 Nevado Ilinizas Ekuador
5.704 Nevado de Antisana Ekuador
5.664 Pichu Pichu Arequipa Peru
5.616 Nevado del Tolima Erdialdeko mendilerroa Kolonbia
5.648 Zapaleri Erdialdeko mendilerroa Jujuy Argentina --- Bolivia ---
5.421 Chacaltaya La Paz Bolivia
5.410 Ritacuba Blanco eta Ritacuba Negro Ekialdeko mendilerroa Kolonbia
5.389 Nevado del Ruiz Erdialdeko mendilerroa Kolonbia
5.364 Nevado del Huila Erdialdeko mendilerroa Kolonbia
5.330 Sierra Nevada del Cocuy Ekialdeko mendilerroa Kolonbia
5.320 Nevado Altaaar Ekuador
5.230 Sangay Ekuador
5.150 Nevado de Santa Isabel Erdialdeko mendilerroa Kolonbia
5.033 Tungurahua Ekuador
5.020 Carihuairazo Ekuador
5.007 Pico Bolívar Venezuela
4.787 Pichincha Ekuador
4.100 Farallones de Cali Mendebaldeko mendilerroa Kolonbia
4.058 San Valentin mendia

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (2012-05-25). 170. araua: Amerikako toponimia. .
  2. (Ingelesez) Orme, Anthony R.. (2007). «The Tectonic Framework of South America» in Thomas T. Veblen, Kenneth R. Young, & A. R. Orme The Physical Geography of South America. Oxford University Press, 12 or. ISBN 978-0-19-531341-3..
  3. Cordillera de Los Andes, una oportunidad para la integración y desarrollo de América del Sur. Organización de las Naciones Unidas para la Alimentación y la Agricultura (FAO), 10 or..
  4. «Se dio a conocer la nueva altura oficial del Cerro Aconcagua: 6.960,8 metros | Instituto Geográfico Nacional» www.ign.gob.ar (kontsulta data: 2025-09-09).
  5. Instituto Geográfico Nacional (Argentina). (s/f). Se dio a conocer la nueva altura oficial del cerro Aconcagua: 6962 metros. www.ign.gob.ar.
  6. (Ingelesez) «Anatomy and global context of the Andes: Main geologic features and the Andean orogenic cycle | Backbone of the Americas: Shallow Subduction, Plateau Uplift, and Ridge and Terrane Collision | GeoScienceWorld Books | GeoScienceWorld» memoirs.gsapubs.org (kontsulta data: 2019-05-03).
  7. a b c (Ingelesez) Dussaillant, I.; Berthier, E.; Brun, F.. (2019-09-16). «Two decades of glacier mass loss along the Andes» Nature Geoscience 1210: 802-808.  doi:10.1038/s41561-019-0432-5..
  8. D'Altroy, Terence N. The Incas. Blackwell Publishing, 2003
  9. Teresa Vergara. (2000). «Tahuantinsuyo: El mundo de los Incas» in Teodoro Hampe Martínez Historia del Perú. Incanato y conquista Barcelona: Lexus ISBN 9972-625-35-4..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]