Edukira joan

HTML

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Josugoni (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 09:34, 28 maiatza 2022

HTML kodearen adibidea

HTML edo HyperText Markup Language Markaketa lengoaia bat da, web orriak egiteko sortu zena. Informazioa egituratzeko erabiltzen da — testua burualdean, paragrafo batean, zerrenda batean eta beste zenbaitetan sailkatuz — eta neurri batean itxura eta semantika ere deskribatzeko erabil daiteke.

Tim Berners-Leek sortutako lengoai hau estandar internazional bilakatu da, eta gure dokumentuaren egitura etiketen bidez adierazteko aukera ematen digu. Hizkuntza honek moldagarritasun handia eta egitura logikoa eskaintzen digu, eta, erraz interpretatzen dute, bai gizakiek bai makinek.

Hala ere, bertsio desberdinetan zehar, hainbat ezaugarri gehitu eta kendu dira, eraginkorrago bihurtzeko eta nabigatzaile eta plataforma desberdinekin bateragarriak diren web orrien garapena errazteko (mahaigaineko ordenagailuak, eramangarriak, telefono adimendunak, tabletak, etab.). Hala ere, HTMLren bertsio berri bat behar bezala interpretatzeko, web-nabigatzaileen garatzaileek aldaketa horiek sartu behar dituzte.[1]

Historia

Tim Berners-Lee (2009)

1980ko hamarkadaren erdi aldera, CERN-eko Tim Berners-Lee fisikariak CERNeko ikertzaileek dokumentuak erabili eta partekatzeko ENQUIRE sistema proposatu eta prototipoa sortu zuen. 1989an bi teknika zeuden dokumentu elektronikoak haien artean lotzeko: estekak erabiltzea edo SGML izeneko markaketa-lengoaia erabiltzea. Barners-Lee-k 1990ean HTML definitu zuen eta World Wide Web sortu zuen.

HTMLren lehen deskribapen publikoa "HTML Tags" izeneko dokumentua izan zen, Tim Berners-Lee-k 1991ko amaieran Interneten lehen aldiz aipatu zuena. Bertan, HTMLren hasierako diseinua osatzen zuten 18 elementuak deskribatu zituen. 1993ean David Raggett-ek HTML+ sortu zuen, ezaugarri berriak erantsiz, hala nola, irudiak, taulak eta inprimakiak.[2]

1994an Berners-Lee-k sortu zuen World Wide Web Consortium (W3C)[3] erakundeak garatzen ditu WWWerako estandarrak, eta denboran zehar proposatu dituen hobekuntzekin HTML-ren bertsio berriak sortu dira. Hobekuntza eta gomendio horiek beste lengoaia batzuren oinarri ere badira, hala nola, XHTML eta XML. HTML-ren bertsio nagusiak hauek dira:

HTML 2

HTML eta HTML+ bertsioen garapenetik sortu zen 1995ean eta HTML-ren lehen estandar gisa hartzen da[4]. Etorkizuneko inplementazioek estandar hau oinarri hartzea zen helburua. Tim Berners-Lee-k eta Dan Conolly-k editatu zuten eta lehen HTML bertsio ofizial moduan ezagutzen da. Informazioa modu sinplean adieraztea zen helburua, dokumentuaren egitura sinple mantentzea. Hori dela eta, taulak editatzeko euskarririk ez du, adibidez. Zentzu horretan, minimalista eta purua dela esaten da.

HTML 3

HTML 3.0 izenez ezagutzen den lehen bertsioa 1995ean proposatu zen eta aukera berri asko jaso zituen, taulak sortzeko, irudien inguruan testua jarri ahal izateko edo formula matematiko konplexuak idatzi ahal izateko, adibidez. Hala ere, konplexuegia zen garai hartan zegoen teknologiarako eta proiektua bertan bera geratu zen. Web orrien estetika hobetzeko interesa handituz zioan eta garatzaileek web orrien diseinurako tresnaren bat garatzeko beharra ikusi zuten. Horrela sortu zen CSS (Cascading Style Sheets), estilo-orriak definitzeko balio du eta HTML dokumentu bati erantsiz gero, dokumentuaren diseinua egokitzeko erabiltzen dira. Estilo-orri horiek HTML-ren independenteak dira eta sintaxi propioa dute. Horri esker, web orrien garatzaileek modu egokian kontrolatu ahal izango zuten orriaren itxura.

HTML 3.2 bertsioa[5] 1997an sortu zen, eta CSS estilo-orriekin batera erabiltzeko egokitua izan zen. Egokitze-prozesu horretan, HTML 3.0 bertsioan sartu ziren ezaugarri batzuk kendu egin ziren. Formula matematikoak idazteko garatu zirenak, adibidez, MathML estandarrean integratu ziren.

HTML 4

Aurreko bertsioak bezala, hau ere SGML (Standard Generalized Markup Language) estandarrean oinarritzen da. 1998ean proposatu zen HTML 4.0 bertsioa eta 1999an HTML 4.01 argitaratu zen W3C-ren gomendio moduan[6]. Taulak eta formularioak egiteko aukerak hobetu egin ziren. Hasierako bertsioek web-nabigatzaile bakoitzerako espezifikoak ziren elementu-mota eta atributu asko onartzen zituzten baina pixkanaka halakoak "zaharkitu" moduan markatzen hasi ziren eta estilo-orrien erabilera lehenetsi zen. Bertsio berriagoek "frame"-ak, "script"-ak eta objektuak txertatzeko prozedurak eskaini zituzten, web-nabigatzaile bakoitzaren espezifikotasunetatik irteteko. Hiru aldaera proposatu ziren:

  • "Strict" edo hertsia: zaharkitutako elementuak eta atributuak ez dira onartzen.
  • "Transitional" edo trantsiziokoa: zaharkitutako elementuak atributuak onartzen dira.
  • "Frameset": Marko edo "frame" batekin erlazionatutako elementuak bakarrik onartzen dira.

HTML 4.01 bertsioa[7] egonkor mantendu zen urte askotan zehar. Urte horietan zehar, W3C-ko HTML lan-taldea XML (Extensible Markup Language) markaketa-lengoaian oinarritzen den XHTML (Extensible HyperText Markup Language) markaketa-lengoaiaren garapenean aritu ziren.

HTML 5

HTML 5 logoa
Sakontzeko, irakurri: «HTML5»

Bertsio hau WHATWG (Web Hypertext Application Technology Working Group) taldeak mantentzen du. Taldea 2004an sortu zen Apple Inc., Mozilla Foundation eta Opera enpresekin. Gaur egun, taldeko kide nagusiak Apple Inc., Mozilla fundazioa, Google Inc. eta Microsoft enpresak dira. 2006an Tim Berners-Leek iragarri zuen W3C erakundeak eta WHATWG taldeak elkarrekin lan egingo zutela HTML-aren garapenean. 2008an argitaratu zuten HTML 5-en lehen bertsioa[8]. 2014an W3C erakundeak HTML 5-en erabilera gomendatu zuen[9]. 2016an HTML 5.1 bertsioa[10] agertu zen eta 2017an HTML 5.2 bertsioa[11]. Gaur egun, HTML 5 da World Wide Web-ean erabiltzen den markaketa-lengoaia nagusia[12].

Oinarrizko jakinbideak

HTML hizkuntza edozein testu argitaratzaileren bidez sortu edo editatu daiteke, hala nola Windows-en Ohar Blok-a (edo Notepad) edo formaturik gabeko testua onartzen duen beste edozein editore baten bidez: GNU Emacs, Microsoft Wordpad edo TextPad, besteak beste.

Halaber, badaude web orriak eraiki edo HTML kodea argitaratzeko balio duten beste programa batzuk; Microsoft FrontPage, adibidez. Honek oinarrizko formatua dauka, Office-n beste programekiko antzekoa. Macromedia-ren software ospetsua -Dreamweaver deiturikoa- bada ere, diseinu eta programazioren esparruan erabilienetariko bat delarik. Editore hauek WYSIWYG edo What You See Is What You Get (euskaraz: “ikusten duzuna lortzen duzuna da) izenarekin ezagunak dira. Honek argitaratzaile hauek dokumentua editatzen ari garen bitartean gure edizioaren emaitza ikusi ahal dugula esan nahi du. Halere, honek ez du web orriak era ezberdin batean eraikitzea suposatzen baizik eta era errazagoan, programa hauek behin-behineko ikusiarekin lan egiteko aukera emateaz gain bere HTML atala baitaukate; hau izango da HTML kode osoaren sortzailea lana aurrera doan bitartean. Bi metodo hauek nahastea oso interesgarria da, era batean edo bestean elkarri laguntzen diote eta. Adibidez: lan osoa HTML erabiliz argitaratzen ari banaiz eta bat-batean kode edo etiketaren bat ahazten badut, egin behar dudan gauza bakarra begi-argitaratzaile edo WYSIWYG-ra jo eta han edizioa jarraitzea da; edo alderantziz, zenbait kasutan lekuari gehitu nahi diogun ezaugarriren baten kodea zuzen idaztea programa berean aukera bilatzea baino azkarragoa eta errazagoa baita.

HTML-k etiketak edo markak erabiltzen ditu. Hauek hasiera eta amaierako argibide motzak dira, eta eurei esker testua bakoitzaren nabigatzailean edo irudiak eta beste elementuak ordenagailuaren pantailan nola agertuko diren finkatzen da. Etiketa guztiak “baino txikiagoa” edo “baino handiagoa” ikurren artean itxita daudelako identifikatzen dira, eta batzuk balio zehatza eduki ahal duten atributuak dituzte. Orokorrean etiketak bi era berezitan erabiliko dira:

  • Irekitzen eta ixten dira, adibidez: letra beltza, zure nabigatzailean letra beltza bezala ikusiko litzatekeena.
  • Ezin dira ireki edo itxi, <hr> kasu: zure nabigatzailean lerro zehar bat balitz bezala ikusiko litzateke.
  • Ireki edo itxi ahal diren beste batzuk, adibidez <p> (paragrafoa).
  • Oinarrizko edo gutxieneko etiketak dira:
<!doctype html>
<html lang="eu">
    <head> 
        <title> Adibidea </title> 
    </head> 
    <body> 
        <p> Adibidea </p> 
    </body> 
</html>

HTML-ren oinarrizko etiketak

Hauek dira HTML dokumentu guztietan derrigorrez agertu behar diren etiketak:

  • <!DOCTYPE html>: Nabigatzaileari esaten dio HTML5 estandarraren kodea erabiltzen duela.
  • <HTML>: HTML dokumentuari hasiera ematen dion etiketa, nabigatzaileari jarraian datorren guztia html kode segida bezala hartu behar duela erakusten dio.
  • <HEAD>: html dokumentuaren goiburua definitzen du, goiburu honek, nabigatzailean zuzenean azaltzen ez den dokumentuaren gaineko informazioa dauka. <HEAD> goiburuaren barruan honako azpiatalak aurki ditzakegu:
    • <TITLE>: Orriaren izenburua zehazten du. Orokorrean, izenburua leihoaren gainean dagoen izen titulu-barran agertzen da.
    • <script>: Kanpoko JavaScript artxiboak erabiltzeko, adibidea: <script type="text/javascript" src="script.js"></script>
    • <LINK>: zenbait ezaugarri aurreratuak definitzeko erabiltzen da, esate baterako estilo-orriak, orriaren diseinurako erabiltzen direnak, adibidea: <link rel="stylesheet" href="/style.css" type="text/css">
  • <BODY>: dokumentuaren eduki nagusia edo gorputza definitzen du, nabigatzailean agertzen den html dokumentuaren atala da, etiketa honen barruan orri osorako komunak diren ezaugarriak finka daitezke, adibidez barne kolorea eta ertzeak. Gorputza edo <BODY> ren barruan hainbat etiketa sartzen dira.
  • Jarraian, batzuk agertzen dira adibide moduan:
    • <H1>, <H2>,... <H6>: dokumentuaren izenburuak edo goiburuak tamaina ezberdineko letra-tipoan.
    • <P>: paragrafo berria.
    • <BR>: behartutako lerro-jauzia.
    • <TABLE>: Taula baten hasiera (lerroak <TR> etiketarekin identifikatzen dira eta lerroen barruko gelaxkak berriz, <TD> etiketarekin)
    • <A>: web orrialdearen barruko nahiz kanpoko esteka edo hiperesteka bat dagoela adierazten digu href pasatze parametroez identifikatua beraz, <a href="http://eu.wikipedia.org/wiki/Azala">Wikipedia</a> horrela azaltzen da Wikipedia
    • <DIV> orrialdean alde bereziaren hasiera azaltzeko erabiltzen da.
    • <IMG>: Nabigatzailean erakusteko irudiaren existentzia zehazten du.
    • <LI>, <OL>,<UL>: etiketa erabilienetakoa da zerrendak eratzeko.

    Gehiago jakiteko

    Saia zaitez orriaren iturburua hautatzen zure nabigatzaile gogokoenean: zure nabigatzaileak jasotzen duen informazioa eta nola interpretatzen duen benetan ikusiko duzu. Adibidez, Internet Exploreren edo Firefoxen Ikusi sakatu soilik menu nagusian, gero Orriaren iturburua sakatu eta kitto. Orain esploratzailean begiratzen ari zaren web orrialdearen idazkera kodea ikus dezakezu.

    Erreferentziak

    1. «¿Qué es y para qué sirve HTML? El lenguaje más importante para crear páginas webs. HTML tags (CU00704B)» www.aprenderaprogramar.es (Noiz kontsultatua: 2022-04-15).
    2. «The birth of the Web | CERN» home.web.cern.ch (Noiz kontsultatua: 2022-04-15).
    3. «W3C XHTML2 Working Group Home Page» www.w3.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-15).
    4. «HTML 2.0 Materials» www.w3.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
    5. «HTML 3.2 Reference Specification» www.w3.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
    6. «HTML 4.01 Specification» www.w3.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
    7. «HTML 4.01 Specification» www.w3.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
    8. «HTML 5» www.w3.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
    9. (Ingelesez) HTML5 is a W3C Recommendation | W3C News. (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
    10. (Ingelesez) HTML 5.1 is a W3C Recommendation | W3C News. (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
    11. (Ingelesez) HTML 5.2 is now a W3C Recommendation | W3C News. (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
    12. «HTML Standard» html.spec.whatwg.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).

    Kanpo estekak