Arteriosklerosiaarterietako gaixotasun kronikoa da. Honetan, arteriaren barneko geruza gogortu egiten da, elastikotasuna galtzen du eta loditu egiten da; bereziki bertan pixkanaka askotariko gaiak pilatzen direlako. Honen ondorioz, luzarora odol hodiak ixtera iritsi daitezke, hainbat guneetan irrigazioa oztopatuz eta gure osasunerako arazo larriak ekarriz eta gaixotasun kardiobaskularrak eraginez.[1]
Hodol hodiak itxiera eragiten duen kausa ohikoena Aterosklerosia da; zein arteriosklerosi mota bat da non substantzia koipetsuen pilaketak gertatzen dira arterien hormetan (kolesterola, adibidez) hauen kontzentrazioa oso handia denean.[2] Horren ondorioz arterien barneko diametroa (argia) txikitzen da, eta odolak ezin du bertan ondo zirkulatu. Tronboak azaldu daitezke, arteria guztiz itxiko dituztenak; eta itxitako arteriak odolez hornitzen duen organoa (bihotza, garuna...) odol-fluxurik gabe geratuko da. Honek guztiak bihotzeko bat gertatzea eragin dezake, bihotzeko arterietan (koronarietan) irrigazioa galtzen delako eta bertan dauden zelulak hitzen direlako, odola gorputzera ponpatzeko gaitasuna galduz. Hortaz, kolesterolaren eta beste hainbat substanztien kontzentrazioa balio fisiologiko batzuen barruan mantentzea ezinbestekoa izango da.[3]
Etiologia
Lehen aipatu bezala, arteriosklerosia arterietako hormen gogortzea eta malgutasun galera da. Gaixotasun hau nahiko konplexua da, ez baitu jatorri zehatzik, faktore askok baldintzatzen duten gaitza da. Hala ere, jakina da arterien barneko horma kaltetzen denean sortzen dela eta hainbat faktorek eragin dezakete hori:
Tabakoa
Gantz eta kolesterol maila altuak. Hauek gehiegi hartuz gero, arterien hormetan pilatzen dira eta honen irrigazioa kaltetuko dute.
Glukosa maila altuak ere kaltetu egiten ditu hormak eta horregatik konstante mantendu behar da
Motak
Ateroesklerosia: Hormetan metatzen diren gantzek eragiten dute. Maila altuak direnean hormetan itsatsi eta odolaren bidea estutzen dute, irrigazioa kaltetuz. Ohikoena da.
Arteriosklerosi obliterantea: Beheko gorputz-adarretan ematen den arteriosklerosi mota bat da.
Monckeberg-en esklerosia: Arteria muskularren tarteko kapetako kaltzifikazioak eragiten du, nahiko arraroa da.
Arteriosklerosi hialinoa: Arterioletan homogeneoki metatzen den substantzia hialino baten ondoriozkoa da, beraz bidea estutuko da. Ohikoa da hipertentso eta diabetikoetan.
Sintomak
Arterioesklerosiari lotutako sintomak hurrengoak dira:
Bat bateko nekea
Hizkera ulertzeko arazoak
Arazoak ikusmenean
Aurpegiaren, edota beheko gorputzadarren sorgortzea
Nahasmena
Diagnostikoa
Azterketa medikoa
Batetik, medikuak arteriak entzun beharko ditu estetoskopioaren bidez soplo deituriko ezohiko zaraten presentzia dagoen jakiteko. Izan ere, plaken metaketek eragindako zirkulazio desegokien indikatzaileak izan daitezke soploak.
Bestetik, gorputzeko atalen baten pultsorik ez dagoen begiratu beharko du, pultso ahula edo honen falta arteriaren bat blokeatuta dagoela esan nahi du eta.
Froga diagnostikoak
Gaixotasunaren larritasuna ezagutzeko eta tratamendu egokienaren plangintza egiteko erabilgarriak diren hainbat froga daude.
Hauen bidez zenbait gantz, kolesterol, karbohidrato eta proteinenodoleko mailak ezagutuko ditugu. Euren kontrentrazio altuegiak arteriosklerosia pairatzeko arriskuaren adierazgarri dira.
Gehienetan lipoproteina espezifiko bat, A-lipoproteina zehazki, neurtzen da kardiopatien arrisku faktore garrantzitsua delako.
* Lipoproteinak: lipidoak odoletik zehar garraiatzeko funtzioa duten proteinak.
Froga hau bihotzeko aktibitate elektrikoa ezagutzeko erabiltzen da. Bihotzaren maiztasuna eta erritmoa eta bihotzaren atal bakoitzetik pasatzen diren bulkada elektrikoen potentzia eta sinkronizazioa erregistratzen ditu.
EKG-ak gaixotasun koronarioak eragindako arazo kardiakoen seinaleak adieraz ditzake eta baita pazienteak inoiz miokardio infartu bat izan duen edo momentu horretan izaten ari den.
Froga honek orkatilako odolaren presioa besoan dagoen odoleko presioarekin konparatzen du odol zirkulazioaren egoera osasuntsua den ala ez jakiteko. Gaixotasun arterial periferikoa detektatzeko balio du honek.
Ekokardiografian soinu uhinak erabiltzen dira bihotzeko irudi bizidunak sortzeko. Honela bihotzaren tamaina, forma, ganbara eta balbulen funtzionamenduari buruzko informazioa lortu dezakegu.
Halaber, zirkulazio ezegokia duten eremuak, ondo uzkurtzen ez diren miokardioko eremuak eta irrigazio faltaren ondoriozko miokardioaren aurreko lesioak detekta ditzake ekokardiografiak.
Froga honetan X izpiak eta X izpiek zeharkatu ezin duten kontraste medio bat erabiltzen dira arterien barnealdea ikusteko. Honi esker, aneurismak eta arteriak oztopatzen dituzten plakak detektatu ahalko ditugu eta blokeoaren arrisku maila ezagutu.
Medikuak pazienteari besoko odol hodi batean kontraste medioa injektatuko dion kateter bat sartuko dio eta X izpien bidez odola odol hodietatik nola mugitzen den ikusiko du. Gainera, kateterraren erabilerak diagnostikoa eta tratamendua prozedura bakar batean bateratzea ahalbidetzen du, kirurgiaren beharra desagerraraz dezakeelarik.
Ordenagailu bidezko angiotomografiak iodoz aberastutako kontraste medio bat eta ordenagailu bidezko tomografia erabiltzen ditu odol hodien egoera aztertzeko eta odol hodietako gaixotasunak, hala nola aneurisma eta blokeoak, detektatzeko.
Pazienteak ariketa fisikoa egin behar du bihotza lan egitera behartzeko eta taupadak bizkortzeko froga kardiako batzuk egiten diren bitartean. Ariketa fisikoa egiteko ezintasuna izatekotan, farmakoak hartu beharko ditu.
Bihotzaren jarduera handitzean, odol eta oxigeno gehiago beharko ditu, baina plaken eraginez estututako arteriek ezin izango dute bihotza behar bezala irrigatu. Horregatik, froga hau gaixotasun koronarioa detektatzeko erabiltzen da. Kasu honetan, bihotz maiztasuna eta erritmoa, presio arteriala eta bihotzeko aktibitate elketrikoa aldatu egingo dira, ondo arnasteko arazoak izan eta bihotzean mina sentitzeaz gain.
Esfortzu froga batzuetan bihotzeko irudiak hartzen dira pazientea ariketa fisikoa egiten dabilen bitartean eta atsedenean dagoenean. Helburua odolaren zirkulazioa bihotzaren atal desberdinetan egokia dela eta bihotzak odola ondo ponpatzen duela ziurtatzea da.
Tratamendua
Arteriosklerosia tratatzeko modurik eraginkorrena prebentzioa da. Horretarako, kontrola daitezkeen arrisku faktoreak kontuan hartu behar dira:
Dieta: animalia gantzak ekiditen dituen elikadura osasungarria ezinbestekoa da odol-hodietan gantzak meta ez daitezen. Era berean, obesitatea saihetsiz diabetesaren, hipertentsioaren edota hiperkolesterolemiaren arriskua jaitsi eta arteriosklerosia garatzeko probabilitatea murriztu dezakegu.
Ariketa fisikoa: gaixotasun kardiobaskularrak ez garatzeko ezinbestekoa da. Gainera, zirkulazio sistemaren egoera hobetzen du. Ariketa fisiko moderatua erregulartasunez egitearekin nahikoa da, eta aerobikoa izatea hobesten da, hala nola, azkar ibili, igeri egin eta bizikleta.
Alkohola eta tabakoa: Substantzia hauek saihetsi behar dira. Erretzeak odol-hodietatik doan oxigeno kantitatea jaisten du, beraz, arterietako gantz pilaketa errazten du. Ohitura hauek kentzeak askotan arteriosklerosiak eragindako zirkulazio txarra hobetzea eragiten du.
Estresa: Tentsio eta estresik gabeko bizimoduak odol-hodien funtzionamentu onean eragiten du.
Hipertentsio arteriala: Kontrolpean mantenduko dugu, hipertentsioak arterien hormetan arazo larriak eragin baititzake.
Oinen zainketa: tamaina egokiko oinetakoak erabiliko ditugu. Gainera, zauriak izatekotan arreta berezia jarriko diegu, arteriosklerosia dutenek zikatrizazio mantsoa baitute eta infekzio-arrisku handiagoa.
Prebentzioaz gain, badaude arterioskleriosia garatu ondorengo tratamenduak:
Farmakologia: nahiz eta arteriosklerosiaren aurkako farmakorik ez egon, gaixotasun honek eragin ditzakeen alterazio espezifikoen (hipertentsio arteriala, hiperkolesterolemia, diabetesa...) tratamenduak badaude. Azido azetilsalizilikoa, esaterako, ateroma plakako plaketen metaketa prebenitzen du. Sintrom antikoagulatzailea, berriz, iskemietan erabilia da. Pentoxifilina farmakoa, odol zirkulazioa hobetzeko erabiltzen da.
Kirurgia: Fogarty kateter bidezko interbentzioa hankeko arteria nagusiak okluitzen direnean erabiltzen da adibidez. Koagulua kendu eta odol zirkulazioa berrezartzen da. Arteria koronarioen kasuan, baloi bidezko estutasunaren dilatazioa erabiltzen da ondoren malguki edo stent bat jarriz odola pasa dadin. Muturreko kasuetan, arteriak ireki eta garbitzen dira, edo by-pass bat egin.
Epidemiologia
2000. urtean egindako ikerketa batean ikusi zen gaixotasun kardiobaskularrak espainia mailan pertsona gehien hiltzen zituen gaixotasunak zirela, hildakoen %35-a hauen ondorioz gertatuak. Urte horretan 124.000 pertsona hil ziren gaixotasun hauengatik. Jakina da arteriosklerosiak gaixotasun kardiobaskularren agerpena handitzen duela, eta horregatik arteriosklerosia eta kolesterol maila handia edukitzeak arriskutsuak izan daitezke. Hortaz, hauek arrisku faktoreak izango dira, beste hainbat faktoreekin batera (diabetes mellitus, erretzea, adina... ) Urte berdinean egindako ikerketa batean ikusi zen lan egiten zuten pertsonen %46ak kolesterol maila altua zutela, 200mg/dl-tik gora.[4]