Android

Android mugikorrentzako sistema eragile bat da, Linux nukleoan oinarritutakoa. Hasiera batean Googlek garatu zuen, eta gaur egun Open Handset Allianceek garatzen du. Android sistemaren kaleratze aurkezpena 2007ko azaroaren 5ean izan zen, Open Handset Alliancen jaiotzarekin batera. Elkarte honen helburua gailu mugikorrentzako estandare irekiak zabaltzean datza. Honela, edozein garatzailek garatu ditzake Android plataformarentzako aplikazioak, Googlek banatutako SDK-ren bitartez. Androiden kode gehiena Apache lizentzia libre eta irekian dago argitaratua.
Historia
Android sistema eragilea Android Inc. konpainiak garatu zuen hasiera batean, 2006an Googlek konpainia erosi zuen arte.[1] Gaur egun Open Handset Allianceen produktu nagusia da, zerbitzu eragileen, software eta hardware garatzaile eta ekoizleen enpresen bilkura dena.
Android sistemak garatzaile komunitate handia du, eta gaur egun Google Play dendak 700.000 aplikazio baino gehiago eskaintzen ditu, zeinetatik bi heren doakoak baitiren.[2] Aplikazioak Java programazio lengoaian idatzita daude.
Android 2007ko azaroaren 5ean aurkeztu zen, Open Handset Alliance enpresen aliantzarekin batera, 78 konpainiaren baturaren ondoren. Googlek Android kodea askatu zuen, Apache lizentzia irekian argitaratuta.
Etimologia
Bai Android izena (androide euskaraz) baita Nexus One Googleren smartphonearen izena Philip K. Dick idazlearen Androideek Ardi Elektrikoarekin Amesten Ote Dute? liburutik dator, geroago zinemara pasa zena Blade Runner pelikularen bitartez. Bai liburua zein pelikula Nexus-6 modeloko erreplikante izeneko androideetan oinarritzen da.[3]
Konpainiaren logotipoa Andy robota da.
Googlek konpainia erostea
2006ko uztailean Googlek Android Inc. erosi zuen, 2003an jaiotako Palo Altoko (Kalifornia) konpainia txiki bat.[4] Garaian konpainiari buruz ezagutzen zen gauza bakarra telefono mugikorrentzako softwarea egiten zutela zen, eta zurrumurruak hasi ziren Google telefonoen merkatuan sartuko ote zen.
Googleko taldeak telefono adimentsuentzako plataforma berria garatu zuen, Linux nukleoan oinarrituta, eta mugikor ekoizleei zein telefono eragileei aurkeztu zitzaion. Googleren Android sistemaren kaleratzeari buruzko zurrumurruak 2006ko abenduan nagusitu ziren. BBC kateak eta The Wall Street Journal aldizkariek horri buruzko berriak eman zituzten.
2007ko irailean InformationWeekek azaleratu zuen Google korporazioak telefono mugikorren inguruko pantenteak eskatu zituela.[5]
Open Handset Alliance
2007ko azaroaren 5ean Open Handset Alliance jaio zen, hainbat enpresen partzuergo modura. Horien artean Texas Instruments, Broadcom Corporation, Nvidia, Qualcomm, Samsung, Intel, LG, Motorola eta T-Mobile enpresak daude. Aliantza gailu mugikorretan estandar irekiak garatzeko jaio zen, eta Android izeneko mugikorrentzako plataforma kaleratu zen, Linuxen 2.6 bertsioaren gainean.
2008ko abenduaren 9an beste 14 konpainia aliantzaren Android proiektuan sartuko zirela jakinarazi zuten, nagusiak Sony, Toshiba, Vodafone eta ZTE izanik.[6]
Eguneraketak
Androiden SDK bertsioei gozoen izenak jartzen dizkiete.
Bertsioa | Kaleratze data | Izena |
---|---|---|
1.0 | 2008ko irailaren 23a | Apple Pie |
1.1 | 2009ko otsailaren 9a | Banana Bread |
1.5 | 2009ko apirilaren 30a | Cupcake |
1.6 | 2009ko irailaren 15a | Donut |
2.0 / 2.1 | 2009ko urriaren 26a 2010eko urtarrilaren 16a |
Éclair |
2.2 | 2010eko maiatzaren 20a | Froyo |
2.3 | 2010eko abenduaren 6a | Gingerbread |
3.0 | 2011ko otsailaren 22a | Honeycomb |
4.0 | 2011ko urriaren 19a | Ice Cream Sandwich |
4.1 / 4.2 / 4.3 | 2012ko uztailaren 9a 2012ko urriaren 29a 2013ko uztailaren 24a |
Jelly Bean |
4.4 | 2013ko urriaren 31a | KitKat |
Erreferentziak
- ↑ Businessweek.com. «Google Buys Android for Its Mobile Arsenal» (kontsulta data: 2013-06-02).
- ↑ Xataka Android. «Android Market sobrepasa las 250.0000 aplicaciones» (kontsulta data: 2013-06-02).
- ↑ Bits Blog - NYTimes.com. «Is the Google Phone an Unauthorized Replicant?» (kontsulta data: 2013-06-02).
- ↑ Business Week. «Google Buys Android for Its Mobile Arsenal» (kontsulta data: 2013-06-02).
- ↑ Thomas Claburn - InformationWeek. «Google's Secret Patent Portfolio Predicts gPhone» (kontsulta data: 2013-06-02).
- ↑ Reuters. «More mobile phone makers back Google's Android» (kontsulta data: 2013-06-02).
Kanpo loturak
- (Ingelesez) Android sistema eragilearen webgune ofiziala
- Google Play
- Android Jokoak
- Android Aplikazioak
![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Android ![]() |